XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ala ta guziz ere, arrantza gizon-jolas txikitzat jo izan nuan beti, ta geienetan nere oporraldiak, eizarentzat izan oi-ziran; errian eiztari trebearen ospe pixkat eman zidaten, eta arrokeririk gabe esan nezake, oso oker etzegola eman zidana.

Banuan eper-txakurtxo eme bat la Chispa erdi-kaxkar, erdi-basati, baño oso bat beti nerekin zetorrena; berekin juan oi-nintzan goiz askotan Charca'raño, erritik legua ta erdira, Portugal'eko muga-aldean, eta ez giñan iñoiz utsik etxera itzultzen.

Etxerontz biurtzerakoan, txakurra aurreatzen zitzaidan, eta gurutze-bidean beti nere zai egon oi-zan; bazan antxe arri borobil eta zapal bat, alki apal baten antzekoa; arri oni nere baitan gordeta diotan maite-oroipena, edozein pertsonei añakoa ba-da; askori dietena baño aundikoa, inundikan ere.

Zabala ta zerbait zapaldua zan, eta eseritzen nintzanean, ipurdia barkatu pixkat beera irristatzen zitzaidan, eta patxara ederrean gelditzen nintzan, andik alde-egitea sentitzeraño; gurutze-bideko arriaren gañean jarrita, txistuka, eskopeta zanko-tartean nuala, ikustekorik zerbait bazan begira, xigarrotxoak erre ta erre, aldi luzeak pasatzen nituan.

Txakurtxoa, nere aurrez-aurre atzeko anka bien gañean eseri oi-zan, eta burua apurtxo bat aldenduaz, bere bi begitxo gaztain-kolorezko bizi-biziaz, neri begira jartzen zitzaidan; ni mintzatzen nitzaion eta berak, obeto aditu nairik-edo, belarriak piskatxo bat jasotzen zituan; ixiltzen nintzanean, ibiltalditxo batzuek egiten zituan martin-saltokarien atzetik, edota gorpuzkera aldatzeagatik soil-sollik.

Andik alde-egiterakoan, beti zergatik ez nekiela, arriruntz begiak biurtu bear izaten nituan, agur egiteko-edo; egun batez, orratik, andik abiatu-ostean, tristurak eraginda noski, berriz bertara itzuli bear izan nuan, eta berriro bertan eseri.

Txakurra berriro nere aurrean jarri zan neri begira; orain konturatzen naiz bere begiratua, aitorleen begiratua zala, aztertzaillea ta otza.